Alex Txikon alpinisteak hitzaldia emongo deutse arratiako lanbide heziketako ikasleei
Topaketea datorren eguenean izango da, apirilaren 27an, 12:00etan, Arratiako Zulaibar Lanbide Ikastegian (Zeanuri)
Alex Txikon alpinista lemoarra orain dala gitxi bueltau da Everestera egindako neguko espedizino arriskutsu batetik, eta hitzaldia emongo deutse Arratiako Zulaibar Lanbide Ikastegiko Lanbide Heziketako ikasleei, datorren eguenean, apirilaren 27an.
Alex Txikonen hitzaldiaren izenburua “Everest, erronka itzela” izango da, eta Euskadiko Lanbide Heziketako Zentroen Elkarteko (Hetel) kidea dan Arratiako Zulaibar Lanbide Ikastegiak antolatu dau. Hain zuzen be, zentro horrek proiektu estrategiko barria ipini dau martxan, bere 30. urteurrenagaz bat etorrita.
“Gainditze-espiritua eta talde-lana” dira Alex Txikonek islatzen dituan balioetako bi, eta, aro barri honetan, Hetelek eta Zulaibarrek bereganatu egin ditue balio horreek. Hori dala-ta, Lemoako mendizalea konbidau dabe, Zeanuriko ikastegiko ikasleei berbaldia emoteko. Topaketea 12:00etatik aurrera izango da. Ekimen honek Lankidego, Tresnak, Digwind eta Arratia Bidaiak enpresen babesa dauka.
Zulaibar itunpeko ikastegi pribadua da, Bizkaiko elizbarrutiaren zentroen sarekoa, eta Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak emoten ditu. Zentroak instalazino eta ekipamentu teknologiko aurreratuenak daukaz, bai eta irakasle espezializauak be, emoten dituan ikasgai guztietan. Sortu zanetik, Zulaibar Arratiako garapen ekonomikoagaz konprometiduta dago, eta, ondorioz, oso hur dago eskualdeko industriatik, gizartetik eta berau osotzen daben erakundeetatik (enpresak, agente sozialak, erakundeak eta abar).
Everesteko erronka
Txikonek Himalaia mendikateko hamalau zortzimilakoetatik hamar igon ditu. 2016. urtean, Simone Moro italiarragaz eta Ali Sadpara pakistandarragaz batera, Nanga Parbatera egindako neguko lehenengo igoerea osotu eban. Joan dan martian, Everestera oxigeno artifizial barik neguan egindako lehenengo igoerea osotzen saiatu zan, baina bertan behera itxi behar izan eban ahalegina, batez be, eguraldi txarraren ondorioz.
“Espedizinoaren arduradun lez, ez dot arriskuan ipini behar taldekideen bizia, eta neurea be ez; eta benetan dinot niretzat gatxagoa dala oinarrizko kanpalekura bajatzeko erabagia hartzea, 4. kanpalekura igotekoa hartzea baino”, esan eban mendizaleak, erronkea bertan behera ixtearen erabagia hartu ostean. Halanda be, etorkizunean barriro be erronka horreri heltzeko asmoa dauka.
HETEL
HETEL alkartea 1987an sortu zan, Euskadiko Lanbide Heziketea sustatzeko eta hobetzeko asmoz. Hain zuzen be, Oinarrizko Lanbide Heziketea, erdi mailako trebakuntza zikloak, goi mailako trebakuntza zikloak, enplegurako prestakuntza eta espezializazino-programak eskaintzen dituen 20 zentro biltzen ditu. Sortu zanetik hiru hamarkada igaro ostean, HETEL estrategia handi baten sartuta dago; ilusinoz betetako eta konpartidutako estrategia da, eta, horren bitartez, beste eragile batzukaz aliantzan, lankidetzan arituko da, Euskadiko gazteek giza eta teknika arloko trebakuntza bikaina lortu dagien, eta, gainera, ekimen horrek erantzuna emon dagien Euskadiko enpresen beharrizanei eta erronkei.
Informazino gehiago:
Telefonoa: 94 673 91 16