Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko Gradua: lan aukera eta aukera akademikoa
Diseinuko goi mailako graduak lanbide-karrerak eta prestakuntza-aukera berriak bultzatzen dituen funtsezko ezagutza eskaintzen du.
Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko goi mailako gradua aukera akademiko eta profesional bikaina da euren prestakuntzari bultzada bat eman nahi dioten pertsonentzat, laneratze arrakastatsuari begira. Ikaskuntza ibilbideak industrian berebiziko garrantzia duen lan baterako prestatuko ditu ikasleak: prozesuak automatizatzeko sistemen diseinua, makinen diseinua, plastikozko piezak, txapazko piezak…
Markel Ortuondo diseinuko ikaslea izan zen Zulaibarren, eta Lanbide Heziketan bi urte eman ondoren, Arrasateko unibertsitatera egin zuen jauzi ingeniaritza mekatronikoa ikastera. Ortuondok nabarmendu duenez “unibertsitate ikasketetan ikusten da goi-mailako graduetatik gatozen jendeak errazago egiten ditugula praktikak”. Gainera, azpimarratu du “Zulaibarko irakasleen gertutasuna, behin ikastetxetik aterata ere”.
Lan proiekzioari dagokionez, diseinuko ikasleak industria sektorean asko eskatzen diren ikerketa eta garapen lanetan inplikatuko dira. Balio erantsi handiko lanpostua da, enpresen berrikuntza prozesuetarako funtsezkoa.