Nazioarteko proiektu berria abian Zulaibarren

Lanbide Heziketako ikastegi europarretako ordezkariak Andoainen bildu dira sinergiak sortzeko
Asier Merino, Gizarteratzeko Goi Mailako eta Oinarrizko LHko irakaslea Zulaibarren, Andoaingo La Salle Berrozpe Ikastetxean bildu da Europako Lanbide Heziketako beste ikastegi batzuetako ordezkariekin nazioarteko proiektu berria abian jartzeko. Asmoa hainbat zikloren arteko proiektu bat burutzea da: Koloniako Hans Böckler institutuko Fabrikazio Mekanikoko Diseinua, La Salle Berrozpeko Administrazioa eta Finantzak eta Zulaibarko Gizarteratzea.
Proiektuaren hazia Barin, Italian, erein zen. Bertan, Asier Merino gure irakasleak diziplinarteko proiektuen prestakuntza bat egin zuen HETEL-en eskutik. Topaketan bertaratu ziren nazioarteko ikastegi guztien artean, nabarmena izan zen Hans Böckler institutu alemaniarrarekin izandako ulermena, Zulaibarren ikaskuntza ereduarekin oso harrituta geratu baitziren. Behin amankomuneko jomuga zehaztuta, elkarlanari ekitea erabaki zen, eta horren abiapuntu izan da Andoainen egindako topaketa. Eskerrak eman nahi dizkiegu Marco, Maider, Katrin, Ixa eta ekimen ilusionagarri honek dakarren ahaleginean inplikatuta dauden profesional guztiei.