Zulaibarrek bost berrikuntza proiektu aurkeztu ditu Tknikako jardunaldian
Tknikak antolatutako berrikuntza-proiektuen aurkezpenean parte hartu du Zulaibarrek. Topaketa horretan, Lanbide Heziketako hainbat ikastetxek ikasturtean zehar garatutako proiektuak partekatu dituzte.
Jardunaldian, aurten landu ditugun bost berrikuntza-proiektuak aurkeztu genituen, guztiak ere berrikuntza ikasgelara hurbiltzera eta enpresen eta gizartearen benetako beharrei erantzutera bideratuak.
Aurkeztutako proiektuak honako hauek izan ziren:
- EmoziONA, ongizate emozionala eta erregulazio sentsoriala lantzeko proiektua, espazio multisentsorialen erabileran oinarrituta.
- EnergID, makinen eta instalazioen energia-kontsumoa monitorizatzeko proiektua, teknologia low-cost eta software librea erabiliz.
- Remaket, ekonomia zirkularrarekin lotutako proiektua, osagai eta sistema teknikoak berrerabili, birdiseinatu eta balio berria emateko.
- Grabitate-bateriak, energia modu jasangarrian biltegiratzeko prototipo didaktikoa, masen igoera eta jaitsieran oinarrituta.
- Titanioaren mekanizazio adimenduna, titaniozko aleazioen mekanizazioa hobetzeko proiektua, datuen analisia, sentsorizazioa eta prozesuen optimizazioa uztartuz.
Jardunaldi honetan parte hartzeak ezagutza partekatzeko, Lanbide Heziketako beste ikastetxe batzuekin esperientziak trukatzeko eta ikasturtean zehar egindako lana ikusarazteko aukera ematen du.
Zulaibarren berrikuntzaren aldeko apustua egiten dugu, kalitatezko Lanbide Heziketa eskaintzeko tresna giltzarri gisa, enpresen errealitatearekin konektatua eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatua.

